XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna

Ekialdekoek ere gehienetan joera bera dute, nahiz, literatur tradizioan, Intxauspek eta Zuberoako zenbait idazle modernok singularrean egiten duten komunztadura (bost etxe ikusi ditugu / dugu).

- Aipa dezagun, azkenik -ak formarekin batera -ok ere badugula mendebaleko euskaran mugatzaile hurbila deitzen duguna, entzulearen hurbiltasuna markatzeko erabilia.

Egun, pluralarekin bakarrik gertatzen da hau, ez singularrarekin, nahiz hor ditugun goizeon, aspaldion, momentuon arestion, e.a. bezalako itzuliak.

4.1.2. Erakusleak

4.1.2.1. Funtzioa eta forma

- Erakusleen funtzioa, izenak berak adierazten digun moduan, erakustea da, seinalatzea alegia.

Erakusle hauek hiru dira euskaraz: hau, hori, hura eta hauen pluralak, hauek, horiek, haiek.

Hortaz, seinalatze horretan hiru gradu bereizten dira, bai espazioan, bai denboran:

(20) etxe honetan/(21) urte hartan

Gradu hauek balio nozionala ere badute, leku denboratik at dagoena eta batez ere kontaketan edo elkarrizketan erabiltzen dena:

(22) behin batean herri batean neska txiki bat bizi zen. Neska honek...

Erakusleen lekua, izen sintagmaren barnean, azken muturra da, artikuluarena bera alegia:

(23) atzo kontatu nizuen ipuin polit hura